EUSKERA

NORTZUK DIRA MINEN BIKTIMA NAGUSIAK?

Biktimen %80 zibilak dira, batez ere umeak eta emakumeak. Minek ez daukate begirik eta ez dakite bereizten soldadua eta zibila, bake garaia eta gerra denbora. Bestalde, lurrean hain erraz landatu daitezkeenez eta gerra bat bukatu eta handik urte askora oraindik bizirik daudenez, amesgaizto itzela bihurtzen dira gerra-toki diren edo izan diren lekuetako biztanleentzat. Kanbodian, adibidez, gerra zibileko 15 urtean baino jende gehiago hil eta mutilatu da minekin hiru urteko bakealdian.

Minen ondorio sozial eta ekonomikoak

Minak aurkitu eta indargabetzea oso lan garestia da (mina bakar bat neutralizatzeak 35.000-120.000 pezeta balio dezake). Denborari bagagozkio, futbol zelai baten neurriko arlo bat ordubetean itxi daiteke minaz josita, baina mina horiek garbitzeko hiru hilabete beharko da. Horri gehitu bekio neutralizatzen diren 5.000 minako lagun bat hil eta 2 zauritzen direla.

MENDEBALDEKO SAHARA

EGOERA LARRIA!!!

Denok dakigun bezala,  Mendebaldeko Saharan gerra odoltsu eta krudel bat hasi zen marokoarrek lurralde hori inbaditu zutenean.

Bidegabeko eraso horren hasieratik bertatik  zabaldu zen lurralde osoan minen mamu beltza. Minen aurreneko biktima inbasioaren lehenbiziko hilabetean gertatu zen (1975eko azaroan). Ordutik hona minen uzta odoltsua ugaldu baizik ez da egin Martxa Berdeaz geroztik.

Lehenbiziko eztanda horren ondorioz saharar bati zangoa moztu zioten. Geroztik, anputazioak eta era guztietako kalte fisiko eta psikologikoak ohiko kontua bihurtu dira Mendebaldeko Saharan.

Une horretan sahararrek ihesari eman zioten babes bila.

Geroztik minak gero eta gehiago erabili izan dira. Aldaketa handiak ikusten dira baita ere minen erabileran Saharako gerran zehar. Hala, 80ko hamarkada hasieran  Marokoko armada harresi izugarri bat egiten hasi zen —lotsaren harresia— eta milaka mina erabili zituen bere azpiegitura militarraren funtsezko oinarri bezala.

 Zenbat mina daude Mendebaldeko Saharan?

“Geu gara mundu guztian mina gehien dituen gizataldea”.

Ez alderdi beligeranteek eta ez erreferenduma gainbegiratu behar zuen nazioarteko erakundeak dakite zenbat mina jarri diren Mendebaldeko Saharan. Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere ez daukate datu zehatzik. Gaia sakonkienik ikertu dutenen arabera 100.000 mina inguru egongo lirateke Mendebaldeko Saharan. Paradoxa handiena da kopuru hori, teknikoki, 100 kilometroko harresi-zatian landatutako minen kopurua baino txikiagoa dela —eta harresiak ia 2000 kilometro izaki! Bestela esanda, kopuru hori ez da harresien ondoan landatu diren mina guztien hamarrena ere.

Iturri batzuek diotenez, bakarrik harresiko mina-eremu batzuetan bost milioi minaraino egon daitezke.

Interesgarriena izango litzateke jakitea zenbat mina dauden eskualde osoan, baina datu hori inork ez daki zehazki. Batzuk zazpi milioi mina aipatzen dute eta beste batzuek aldiz, hala nola Pentagonoren kalkulu batzuek, 10 milioi  mina egon daitezkeela diote.

GKE batzuek  Mendebaldeko Sahara herrialde minatuen TOP TENean sartzen dute, hau da, mina gehien dituzten mundu guztiko hamar herrialdeen artean, Egipto, Iran, Irak, Afganistan, Kanbodia, Angola, Bosnia-Herzegovina eta Kroaziarekin batera, besteak beste.

 Zenbat mina mota daude edo erabili dira?

Zoritxarrez, 1975etik hona Mendebaldeko Sahara  hemisferio bietan ekoitzi diren mina sofistikatuenen erakustoki eta froga-leku izan da.

Era guztietako gai eta motatako minak erabili dira Mendebaldeko Saharan: plastikozkoak, zurezkoak, metalezkoak eta are lonazkoak ere, 4 gramo lehergai dituztenetatik hasi eta 14 kilo lehergaitik gora dituztenetaraino.

Web gune honek duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, kalkulatzen da Mendebaldeko Saharan badirela 53 mina antitanke eta antipertsona mota baino gehiago, hau da, asmatu zirenetik hona historian zehar ekoitzi diren mina mota eta modelo guztien %20.

Zein herrialdetan egiten dira Mendebaldeko Saharan jartzen diren minak?

Portzentajeen (eta mota) hurrenkeraren arabera:

Aurrena Italia dago, eta ondoren Sobiet Batasuna zena, Belgika, Egipto, EEBB eta Frantzia.

Saharara minak esportatzen dituzten beste herrialde batzuk: Britainia Handia, Jugoslavia zena, Txekoslovakia zena, Grezia eta Hegoafrika, besteak beste.

Espainiak ere bi mina mota ditu Saharan. Bestalde, hainbat txostenetan jasotzen den bezala, pirateria sare bat dago eratuta minak saldu, inportatu eta esportatzeko. Ondo frogatuta dago Maroko sare horretako partaide garrantzitsua dela, nahiz eta dagoeneko 14 urte igaro diren “su-etena” aldarrikatu zela MINURSO antzuaren begipean.

10.3 Non daude lurperatuta normalean?

Jakina, ezinezkoa da zehazki esatea non dauden lurperatuta. Teorian, minak erabiltzen direnean arau orokor batzuk bete behar dira, baina gutxitan betetzen dira eta hartara zailagoa baino ez da jakitea non dauden ezkutatuta. Hona hemen minak non jarri erabakitzerakoan kontuan hartzen diren faktore batzuk:

Minak lurperatzeko toki ohikoenak:

Harresiaren aurrealde, aldamen eta sakontasun guztian. Horiek dira tokirik arriskutsuenak.

Estepak edo  harritzak.

Militarren biltoki izandako lekuak (asentamenduak edo aterpe abandonatuak)

Tontorrak eta lautadak.

Erabiltzen ez diren bide zaharrak.

Zerbitzuz kanpo dauden ekipamendu, tresneria, tanke eta bestelakoak.

Wadi edo erreka bokale edo ahoak.

Batailaren bat borrokatutako lekuak.

Maniobretarako erabilitako lekuak. 

Bazkalekuak.

 

!!! ?

 

!!!?

 

!!!?

 

 

 

 

EZBEHARRAK, BIKTIMAK ETA KONPONBIDEA

 

Marokoarrek Saharan eraiki duten harresiaren alde bietan gertatzen diren kontaezineko ezbeharrak dira egoera honen alde mingarriena. Normalean, mundu osoan bezala, biktima horiek haurrak izaten dira, CICRen txostenetan ikusten den bezala, baina emakumeek eta gainerako zibilek ere aukera handiak dituzte harresiaren biktima bihurtzeko.

Ezbehar horiek oso toki apartatuetan gertatzen direnez orduak eta batzuetan egun osoak behar izaten dira zauritua eritetxe batera eramateko. Ondorioz, maiz gertatzen dira  hemorragia larriak. Bestalde, bai garraiobideak eta bai laguntza emateko pertsonala oso eskasak direnez, zailagoa izaten da zaurituei hasierako laguntasunak ematea.

Biktima horiek eritetxeetara heltzen direnean, esaterako Marokon, ez zaie ematen halako istripu bat jasan duen pertsona bati zor zaion arreta.

Gogoan daukagu Hjeiba Mint Aueimir izeneko neskato bati duela ez asko gertatu zitzaiona. 2004ko martxoan, neskato horrek istripu larri bat izan zuen Twezgui eskualdeko harresiaren inguruan zebilenean. Bere senideak ez ziren aberatsak baina eginahalean saiatu ziren neskatoari behar zuen laguntza guztia ematen. Bizkitartean, aitak inondik ez zezakeen bildu haurra artatzeko eskatzen zioten dirutza, eta beste biderik ez zuten izan baizik eta besoak gurutzatu eta zain geratu, ez jakinez neskatoak onera egingo ote zuen ala bizia galduko zuen.

Ez ahaztu istripu hori Marokoko lurretan gertatu zela eta Marokoko Kanpo Harremanetarako ministroak ICBri esana ziola “Marokoko Gobernuak lehentasuntzat hartzen du biktimak artatzea eta biktimen gizarteratze lanaz arduratzea”. Ez ote litzateke hobe Marokorentzat minak desaktibatzen hasiko balitz eta zeregin horretan esku bat ezarriko balie NBEari eta POLISARIOAri, biktima berriak noiz agertuko zain egon beharrean? Baina, jakina, gauza bat dira hitzak eta beste bat egintzak.

Saharako GKE batzuek bere gain hartu zuten neskatoaren kasua eta  laguntza bila hasi ziren. Suitzako Minen Biktimen elkarteari esker, batzorde mediko bat heldu zen eta bere eskuetan hartu zuten afera. Hjeiba eritetxera eraman zuten baina zango bat moztu behar izan zioten, denbora gehiegi egona zelako behar bezalako zainketarik hartu gabe.

Holako kasuak sarri ikusten dira, denak ere begira ea noiz arduratuko diren euretaz Estatuak, gizarte zibila, nazioarteko GKEak. Horiek arduratu ezik euren sufrimenduak ez du azkenik izango.

MINEN BIKTIMAK ETA BIZIRIK ATERATZEN DIRENAK:

MINA ETA GERRA BIKTIMENTZAKO “CHREIF MARTIRIA” ZENTROA

Chreif Martiria eskola 1978ko  azaroaren 14an sortu zen  minen eta gerraren biktimak artatu, errehabilitatu, gizarteratu eta prestakuntza emateko. Zentro horrek lan ikaragarria egin du  koadroak sortzen administrazio, kudeaketa, joskintza eta beste hainbat arlotan.

Eskolaren helburuak

A) Hezkuntza mailan:

– Biktimen kultura maila hobetzea prestakuntza eta bergizarteratzea eskainiz.

– Biktimen ezagupen zientifiko, tekniko, profesional eta kirolezkoak sakondu, eta aukera eman beste kultura batzuk ezagutzeko.

Helburu horiek lortzeko ondoko elementuak behar dira:

– Zentroan egotaldi erosoa bermatu behar zaie.

– Biktimei laguntza psikologikoa eman behar zaie.

– Bakoitzari bere buruaren ardura hartzen irakatsi behar zaie (autonomo izaten).

– Aisialdirako ekintzak irakatsi eta hobetu, adimena landu dezaten.

B) Osasun mailan:

Osasun asistentzia integrala bermatu behar zaie (osaketa eta prebentzioa), horretarako behar diren ekipoak eta sendagileak lortuz.

Eskolaren egoera eta dituen eskakizunak.

Lan-mundura berriro itzultzeko arazo gehien izango dituzten mina eta gerra biktimentzat dago zabalik eskola.

1978tik hona baliabide nazionalekin eta laguntza humanitario urri batekin egin du  lan.

Eskolako minusbaliatuek ezgaitasun maila ezberdinak dituzte:

– Erabateko elbarriak: lagun bi.

– Gurpilekiko aulkian ibili beharreko elbarriak: 9 lagun.

– Elbarritasun partziala: 15 lagun.

– Itsuak: 5 lagun.

– Mutilatuak: 50 lagun.

Zentro honek oraindik ez dauka bere helburuak egoki betetzeko behar duen material guztia. Hona hemen beharko litzatekeen material humanitarioa:

– Eskola eta lanbide gaiak.

– Osasun gaiak.

– Komunikazio gaiak.

– Finantzaketa.

– Garraioa.

Horra bada zentro honi buruzko aipamen laburra. Itxaropentsu gaude lortuko dugula baliabide horiek lortzeko behar dugun laguntza, eta eskerrak ematen dizkiogu ahalegin horretan esku bat ezartzen digun edozein pertsona, erakunde edo GKEri, bere laguntzarekin nabarmen hobetu baitaiteke zentroak zaintzen dituen lagunen egoera.

Zein da Saharako arazoa?

Saharako arazoa are larriagoa egiten da nazioarteko komunitateak Saharako gatazka bidegabeki bazterrera utzia duelako eta minek eta lehertzeke dauden gainerako gailuek eragiten dituzten kalte larriez batere axolatzen ez delako.

Nazioarteko erakundea ez da batere axolatzen leherketa horiek Saharako zibilei eta albo-herrialdeetako hiritarrei dakarzkieten kalteez.

Saharan bada minen aurka ekiteko mugimendu berri bat. Borroka horretan aurreratzeko beharrezkoa da GKEek ere parte hartzea kanpaina komun bat abiatuz arma krudel eta hilgarri horien aurka. Garrantzitsua da baita ere nazioarteko mugimendu zibikoari minei buruzko informazioa eskaintzea, jakin dadin zein den Saharako egiazko egoera.

Mendebaldeko Saharako minen aurkako borrokak baditu eragozpen batzuk. Hona hemen garrantzitsuenak:

  1. Mendebaldeko Saharako minei buruzko albiste guztien gainean Marokok ezarrita daukan informazio blokeo gogorra.
  1. Hala bertako biztanleek nola GKEek minen arriskua gutxiesteko duten joera.
  1. Egoeraren jarraipena egiteko azpiegitura espezializaturik eza.
  1. Gai honetan inolako politika argirik eza etorkizunari begira.
  1. Gerra baten esperientzia bizi izan arren langile kualifikaturik eza, eta baliabide teknologikoen garestitzea.
  1. Minen arriskuari buruzko sentsibilizazio kanpainen jarraitasunik eza.
  1. Desabantaila gogorra da arlo honetan lan egiten duten GKEekin lankidetza aktiboan ez aritzea.
  1. Biktimek eta bizirik atera direnek etengabeko laguntza eta arreta behar dute, batez ere protesiak, gizarteratzea,  heziketa eta beste hainbat gauza.
  1. Oso garrantzitsua da ikerketa tekniko orokor bat egitea alderdi beligeranteek baimendutako guneetan.

10. Nazio Batuek, alderdi beligeranteek eta nazioarteko komunitateak  eginbidea eta ardura daukate minek eragindako kalteak arintzen laguntzeko minen aurkako ekimenak abiatuz eta, batez ere, Mendebaldeko Saharako mina eremu guztien desminaketa humanitario bat eginez

 

DESMINAKETA HUMANITARIOAREN ERREFERENTZIAK

Zer da desminaketa?

Desminaketa humanitarioa da minen aurkako borrokan egin daitekeen ekintza garrantzitsuenetako bat. Desminaketa prozesuan hainbat lan mota sartzen dira, denak ere minak eta lehertu gabeko munizioak erauzi eta desagertarazteko asmoz egiten direnak. Lan horien artean sartzen dira ikerketa teknikoak, altxamendu kartografikoak, erauzketa lanak, seinaleztapena, desminaketaren osteko dokumentazioa, minek kaltetutako komunitateekiko harreman zuzenak eta desminatutako lur-arloen eskualdaketa.

Mina-kentze lanak desminaketa humanitarioaren zati txiki bat baino ez dira, nahiz eta zati garestiena izan. Hainbat metodo asmatu dira minak aurkitu eta desaktibatzeko, eta banaka zein nahastean erabiltzen dira. Nolanahi ere, minak lehertarazteko lana espezialisten eskuetan uzten da.

Desminaketari buruzko jarrerak:

Fronte POLISARIOA

Beti agertu da prest eta gogotsu  Mendebaldeko Saharako mina guztiak kentzeko eta laguntza osoa eskaini die horretan ari diren GKEei, bereziki “Franfurkt Nazioarteko Medikua” GKEari, zeinarentzat zirriborro bat prestatu baitzuen minen kokaleku orokorra markatuz. Laguntza bera eskaini dio baita ere nazioarteko zenbait erakunderi, hala nola MINURSOri.

Gaur egun desminaketa humanitarioko lan batzuk egiten ari dira Polisarioaren mende dauden zenbait tokitan, baina Marokok ez du inolaz ere onartzen gauza bera egitea berak okupatutako lurretan.

Lan hori Land Mines Monitor GKEak zuzentzen du.

Maroko:

Marokoko gobernua etengabe ari da oztopoak jartzen desminaketa humanitarioko ahaleginak trabatzeko. Horrezaz gain, beti ezkutatu du minen arazoaren benetako dimentsioa, datuak aldatuz edo estaliz. Azkenik, laguntza guztia ukatzen die minen biktimei, arlo horretako itun eta hitzarmenak hautsiz.

Marokoarren mina erreserbak gai tabu dira. Nola Maroko ez den ICBLk (Internacional Comitte Ban Landmines) bultzatutako Mina Antipertsonalen Debekurako Nazioarteko Batzordeko kide, ez dio inori ezelango konturik ematen bere ekintzez.

Marokok mendean dituen lurraldeetan ez die behar bezalako laguntzarik eman  MINURSOren ingeniari taldeei eta ez du onartu kontrolatzen dituen lurretan minak ez osorik ez zatiz ken daitezen arrazoi humanitarioengatik.

Nazio Batuak (MINURSO)

Gorengo mailako instantzia hau zain dago ikusteko nolako akordioak sinatuko dituzten Polisarioak eta Marokok, baina ezagun du ez daukala batere asmorik alderdien gainean indarrik egiteko lan humanitario bat bultzatzeko.

Minak kentzen espezializatutako MINURSOren tropek ere ez dute konpromiso sendorik hartu lan horretan.

Aldiz, Suitzako kontingentea, marokoarrek askotan jartzen dizkieten oztopoak gorabehera, beti agertu da prest  minak desaktibatzeko harresiaren alde bietan; halere, hiru astean mina bi baizik ez zituzten neutralizatu, eskualde osoa minaz josita egon arren.

Pakistandarrek beste lan molde bat aukeratu zuten: lanari “adarretik heldu” beharrean, base bat eraiki zuten euren soldaduak aterpetzeko. Makina bat kritika ekarri zizkien  horrek minen aurka lanean diharduten GKEen aldetik.

NBEaren txosten batzuetan desminaketa operazio batzuk aipatzen dira baina zehaztu gabe  zein tokitan burutu diren eta zer lan egin den zehazki.

Gobernuz kanpoko erakunde batzuk:

Norvegiako Herri Laguntza. “NPA”

Hauxe izan zen lehenbiziko GKEa errefuxiatu sahararren kanpamenduetan populazio zibilari informazioa eman ziona minek eta lehertu gabeko gainerako lehergailuek daukaten arriskuari buruz. 1999tik 2000ra bitartean egin zuen informazio lan hori.

Kooperante atzerritarren klaustroak 1999ko uztailean prestakuntza eman zion lehenbiziko saharar taldeari gero urrian talde handi bat prestatzen hasteko eta denen artean aukeratzeko minen arriskuaz sentsibilizatzeko jende egokiena.

Wilaya bakoitzean talde bat sortu zen eta beste bat “Otsailak 27” eskolarako.

Kooperante atzerritarren ustez oso lan ona egin da minen arriskuei buruzko prestakuntza ematean, batez ere, emakume taldeei eta baita ere errefuxiatu sahararretako eskoletan.

Talde honek lehenbiziko azterketak ere burutu zituen jakiteko zenbat zekiten herritarrek minen arriskuei buruz.

Minen arriskuei buruzko sentsibilizazio lana Mendebaldeko Saharako lurralde askatuetaraino zabaltzea zen GKE horren helburua.

Zoritxarrez, bai bakerako aukerak eta bai errefuxiatuak beren etxeetara itzultzeko aukerak oso ilunak ziren garai batean Norvegiako Herri Laguntzak erabaki zuen bere proiektuak bertan behera uztea eta egoera zertxobait hobetzen zenean itzultzea.

 

GKE honek dioenez, Polisarioak oso laguntza zabal eta zintzoa eman zion bere lanean, batez ere beste herrialde batzuetan hartu dutenarekin alderatuta.

“Frankfurt” Nazioarteko Medikua:

2000. urtean, erreferenduma egiteko itxaropena zertxobait biziagoa zen garaian, erakunde honek, Fronte Polisarioarekin koordinaturik eta Norvegiako Herri Laguntza taldearekin batera, Mendebaldeko Sahararen erabateko desminaketa humanitarioa egiteko ardura hartu zuen. Azkenean baina, beldurra zegoen bezala, Marokok ezetz biribila eman zion proiektuari.

Zer egin daiteke?

Onena izango litzateke  kanpaina bat egitea maila guztietan munduko iritzi publikoak jakin dezan nolako arriskua dagoen Mendebaldeko Saharan minengatik, eta presioa egitea GKEekin eta minen aurkako militanteekin  Marokok onar dezan behingoz Sahara osoaren desminaketa humanitarioa. Orduan ere, dudarik gabe, aitzakia berriak asmatuko lituzke Marokok minak ez kentzeko, baina lanak izango lituzke uko hori iritzi publikoari onartarazteko.

Maroko behartu kontrolatzen dituen lurraldeetako biktimei behar den laguntza ematera.

Maroko behartu argi adieraztera zein den bere jarrera minen inguruko lanei buruz

Salaketa gutunak bidali munduko presidente, pertsonalitate, GKE eta nazioarteko erakundeei.

Azkenik, azpiegitura bat sortu sahararren artean desminaketa lanen jarraipenaz eta koordinazioaz arduratzeko.

 

Konklusioa: Gaur egun munduko iritzi publikoak, NBEko gorengo mailek eta  GKEek ez dute batere axolarik agertzen Saharako populazio zibilak bizi duen egoera latzaren aurrean, ez da kontuan hartzen populazio hori ez bakarrik egunoroko errepresio sistema baten azpian bizi dela baizik eta, gainera, milioika minaz jositako lurralde baten erdian preso aurkitzen dela eta egoera horretan milaka lagun daudela arrisku gorrian eta beren oinarrizko giza-eskubideak zapalduta. Egoera horretaz jabetu beharko lirateke, beraz, eta behar diren neurriak hartu giza-eskubide horiek bermatzeko.

 

 

ARRISKUARI BURUZKO HEZIKETA

 

Honela definitzen da Minen Arriskuari buruzko Heziketa (MRE): “Arriskuan dauden gizataldeei portaera seguruago bat irakasteko eta kaltetutako komunitateen arteko lokarriak sortzera bideratutako hezkuntza prozesua”.

 

Funtsean, herrialde guztiek lagundu behar dute minen arriskuei buruzko sentsibilizazio programak eta lehergai hondarren arriskuei buruzko heziketa planak bultzatzen.

 

 

 

 

 

MENDEBALDEKO  SAHARA   

 

Mendebaldeko Sahara gerra krudel baten borroka-leku izan da 1975az geroztik.

 

Gerraren ondorioz, era guztietako milaka mina antitanke eta antipertsona erabili dira, hainbesteraino non GKE batzuek Sahara TOP TEN delakoen zerrendan sartu dute, hau da, mina gehien daukaten munduko hamar herrialdeen zerrendan.

 

Minak normalean lurpean egoten dira, baina batzuetan lur azalean ere bai; minek ez dakite bereizten zibila eta militarra, zaharra eta umea. Arma krudel horri ez zaio axola zer edo nor lehertzen duen.

 

Minak metalez, plastikoz zein zurez eginak izan daitezke. Formari dagokionez, badira karratuak, biribilak, eta abar. Gehienetan oliba kolorekoak dira, baina kolore guztietakoak daude.

 

INFORMAZIOA: minek hil, zauritu eta mutilatu egiten dute.

MEZUA: ez ukitu, aukeran beti urrundu minetatik.

 

INFORMAZIOA: minak gutxien uste diren lekuetan egoten dira.

MEZUA: “gauza bitxi” bat ikusi ezkero, urrundu handik eta albait arinen parte eman agintariei.

 

INFORMAZIOA: minak gehienetan presioz edo trakzioz lehertarazten dira, besteak beste.

MEZUA: ez egin presiorik ezagutzen ez duzun objektuen gainean, ez tiratu edo askatu hari edo alanbre susmagarririk.

 

INFORMAZIOA: Mendebaldeko Saharan ugari dira baita ere lehertu gabeko granadak, jaurtigauiluak, bonbak eta munizioak.

MEZUA: objektu horiek lurrean sakabanatuta aurki daitezke, batez ere militarrek okupatutako guneetan. Era guztietako formak eta koloreak izaten dituzte, baina gehienetan  metalezkoak izaten dira, nahiz eta badiren plastikozkoak, vaketitazkoak e.a.

 

INFORMAZIOA: bonbak, granadak eta gainontzeko munizioak minak baino arrisku gutxiagokotzat jotzen dira.

MEZUA: Lehertzeke dauden munizioek ere badakite hiltzen, zauritzen eta mutilatzen.

 

INFORMAZIOA: Haurrak dira arrisku gehien duten gizataldea.

MEZUA: jolaserako tokiak eta aisialdirako guneak ez daudenean haurrak bazter miran hasten dira.

Picnic-etan, txangoetan, ur eta egur bila joatean e.a. istripu larriak gerta daitezke.

Haurrak zaintzea helduen ardura da.

 

INFORMAZIOA: Mendebaldeko Saharan minak eta lehertu gabeko munizioak berdin aurki daitezke leku ezagunetan nola ezezagunetan (ikus minen arriskua).

MEZUA: gogoan hartzen baduzu norabait joatea galdetu hau beti zeure buruari: Nora noa? Zein bide hartu behar dut? Nola? Presaka eta nolanahi ibiltzen dena arriskuan sartzen da. Hobe da berandu heltzea sekula ez heltzea baino.

 

INFORMAZIOA: zoritxarrez, Mendebaldeko Saharan ez dago arrisku seinalerik. Horrek arazoa larritu baizik ez du egiten.

MEZUA: batzuetan gorriz pintatutako harri metak ikusten dira, beste batzuetan zotz bat zapi bat lotuta duena, abisu gisa.

Bakanago agertzen da mundu osoan erabiltzen den seinalea, hau da,  “Kontuz, minak” hitzak ageri dituen triangelu gorria.

Halako seinale bat ikusi ezkero behar diren neurriak hartu behar dira. Onena, halere, lekuak hustea da.

Beti komeni da arretaz jokatzea eta aldez aurretik ikastea zeintzuk diren Mendebaldeko Saharako mina eremuak.

 

INFORMAZIOA: Mendebaldeko Saharako gune batzuetan gerra-materiala dago, hautsita edo bertan behera utzita.

MEZUA: Baliteke tanke, auto eta arma abandonatu horiek lehergai bizia izatea oraindik. Beraz, ez ukitu eta ez hurbildu.

 

INFORMAZIOA: Saharan garraioa autoz egiten da gehienetan (lur gaineko garraioa baizik ez dago).

MEZUA: txoferrak beti bide eta ibilbide erabilienetatik ibili behar dira; erabiltzen ez diren bide zaharrak arriskutsuak izan daitezke.

 

INFORMAZIOA: posible da ustekabean gune arriskutsu batean sartzea (arrisku seinaleak edo arriskua bera ikustean jakiten da hori).

MEZUA: ziur dakizunean arrisku baten aurrean zaudela, geratu, begiratu, pentsatu, aztertu egoera, ondo ikertu geratu zaren tokia. Holakoetan, etorri zaren bidetik itzultzea izaten da onena, hau da, zure lorratzen gainetik berriro joatea.

 

INFORMAZIOA: Mendebaldeko Saharan eraikitako harresi marokoarra da oraindik munduko gune minatuena eta lehertu gabeko munizio gehien dituena, ez bakarrik Mendebaldeko Saharan baizik eta mundu osoan ere.

MENSAJE: jarraibideak bete beti.

 

 

 

 

 

 

“BEREZIA” HARRESIAREN AURKAKO MANIFESTAZIOETARAKO

 

Harresiaren aurka eta sahararren alde diharduten mugimenduek salaketa manifestazioak egin dituzte harresiaren aurrealdean beren gaitzespena adierazteko.

 

Zalantzarik gabe mugimendu hori oso garrantzitsua da nazioarteko iritzi publikoa Saharako arazoaz ohartarazteko, baina nola horrelako ekintzak arriskutsuak izan daitezkeen komeni da kontuan hartzea bizpahiru gauza:

 

 

1.        Manifestazioa antolatzerakoan, eta behin leku-orduak finkatu ondoren, oso garrantzitsua da militar espezializatuek goitik behera ikertzea manifestazio tokia,  ez dadin ezbeharrik gerta eta, ezelango arriskurik balego, hura saihesteko.

 

2.        Antolatzaileek marra bat finkatu behar dute inork zapaldu ezinekoa, eta manifestariek zintzo bete behar dituzte antolatzaileen esanak.

 

3.        Batzuetan urak edo haizeak lekuz  alda ditzakete minak eta lur azalera ekarri.

 

4.        Posible da baita ere militarrek bertan behera utzitako eta lehertu gabeko ehunka munizio ikustea.

 

 

JAKINMINA, LAZAKERIA ETA DESOBEDIENTZIA BETI DIRA ARRISKUTSUAK.

 

 GOMENDIO OROKORRAK:

 

Mendebaldeko Saharak toki harrigarriak ditu, mendiak, wadiak, bazter hunkigarriak bitxiaren bitxiz edo eragiten duten nostalgiaren indarrez.

 

Saharako herria (ustekabean) bitan zatituta geratu zen. Gure lurra ere erdibituta geratu da milioika mina dituen harresi izugarri baten bitartez.

 

Hogei urtetik gorako lagun askok ez dute ezagutzen beren aberriko geografia, ez dakite nolako arriskua dagoen, baina lurralde horretantxe daude gure asmoak, gure helmuga, gure oroitzapenak, gure haurtzaroa eta gure oroimina.

 

Ez daukagu langile kualifikaturik, teknologiarik, e.a., baina bagenitu ere ezer gutxi egin ahal izango genuke, minak urte askoan egoten baitira bizirik lurpean eta beti ibili behar baita begiak erne horiekin. Oraindik ez dago herrialde bat minen aurkako borroka irabazi duenik.

 

Mina horiek ezabatzeko milioiak eta milioiak eralgi dira dolarretan, baina ez da hargatik emaitza onik atera. Zinez borroka zaila da.

 

Sahararrok gara minen eta lehertu gabeko munizioen biktimagai errazenak.

 

Minen arriskuari aurre egiteko errotik baztertu behar ditugu ondoko jarrerak:

 

–          OHARKABEKERIA

–          DESINFORMAZIOA.

–          OZARKERIA

–          EKINTZA DELIBERATUAK

 

Epe luzera oso garrantzitsua da Mendebaldeko Saharan minen arriskuari buruzko heziketa ona ematea eta herritarrei irakastea posible dutela minen arriskuarekin bizitzea, mamu eternal bati bezala begiratu gabe.

 

Agian egunen batean desagertuko dira lehergailu eta mina guztiak eta landatuko dira horien tokian zuhaitzak eta larrosak!

 

 

.  

 

 

NORTZUK GARA?

 

Metodo ezberdinekin lan egiten dugun hainbat herrialdetako ekintzaile talde bat gara.Gure helburua da ahalik eta informazio gehien ematea sahararrei eta nazioarteko komunitateari  Mendebaldeko Saharako harresi eta minei buruz.

 

“Lotsaren Harresia” deitzen dugun zorigaiztoko hormaren berri emateko eta horma horrek dakartzan ondorio txarrak munduari jakinarazteko zegoen premia gorria ohartu ondoren erabaki genuen Proiektu hau sortzea. Teknologia berriek informazioa eskuratzeko ematen dituzten aukerak aprobetxaturik, web orri bat sortu dugu  Mendebaldeko Saharako harresi eta minen inguruko gaiak aztertzeko.

 

 

ZER DIRA HARRESIAK?

 

Harresiak eraikuntza erraldoi batzuk dira, gotortuak, minez josiak, 160.000 soldadu baino gehiagoko armada indartsu batek zainduak eta ehunka tanke, milioika mina, hesi arantzadun eta era guztietako oztopo militarrez inguratuak.

 

1975ean Marokoko armadak sahararren lurraldeak indarrez okupatu zituenean hasi ziren harresi horiek eraikitzen helburu espantsionista hutsez, hau da, lurralde okupatuen kontrola segurtatzeko eta bortxazko okupazioa fait accompli edo aldaezineko gertaera bihurtzeko.

 

Gaur egun horma horiek oinarrizko giza-eskubideen kontrako urraketa gordina dira eta nazioarteko legeriaren aurkako eraso zuzena.

 

 

NOIZ AGERTU ZIREN HARRESIAK?

 

1975ean, Espainiak Saharatik alde egin zuenean, Marokok iparraldetik eta Mauritaniak hegoaldetik gerra hasi zuten Fronte Polisarioaren aurka.

 

Gerraren ondorioz Mauritaniak, porrot egiteko zorian, bakea sinatu zuen Fronte Polisarioarekin 1979an eta uko egin zien lurraldearen gainean zeuzkan eskakizun guztiei. Une hori baliatu zuen Marokok bere okupazioa sahararren herrialde osoraino zabaltzeko. Polisarioak ez eze nazioarteko erakundeek ere salatu zuten okupazio hori.

 

Bere burua defendatu beharrez, Polisarioak gogortu egin zituen bere erasoaldiak eta oso egoera larrian jarri zuen Marokoko erresuma. Gauzak horrela, eta nola Marokoko armadak ez zuen lortu Mendebaldeko Sahara indarrez azpiratzerik, “aterabide magiko” bat asmatu zuen.

 

Gatazkaren egoera politiko-militarra hausnartu ondoren, Hassan II.ari “lotsaren harresi” kriminalak eraikitzea gogoratu zitzaion estualditik ateratzeko.

 

 

 

3. NOLA, NOIZ ETA NON EGIN ZIREN LEHEN ALDIZ.

 

3.1 Prestaketak eta hasiera.

 

Ben Othman korolenaren agindupeko “Larak” izeneko indar berezi batek erdialdeko Marokotik  jaitsi eta egoitza hartu zuen Abattih-en, Tantan-eko hegoaldean. 1980ko abuztuan indar hori  Ras el Janfrara abiatu zen, hau da, Zini eta Smara mendien arteko lautada erraldoia azpian hartzen duen muino batera, misio harrigarri batekin: ordura arte Saharan jasandako derrotak berriz gertatzea galaraziko zuen harresi bat eraikiko zuten langileak babestea.

 

Lurraldeaz jabetu ondoren eta milaka dozena soldadu obrak zaintzen jarri ondoan, ehunka hondeatzeko makina eta bulldozer, hondeatzaileak eta ingeniari brigada osoak hasi ziren harresia eraikitzen. Hilabete batzuk lehenago erokeria hutsa zena denbora gutxiren buruan bukatuta zegoen eta geroztik hor dago, hainbeste jenderen etsipen eta kalterako.

 

Harresia sei zati edo puskatan egin zen. 1987ko apirilean harresia Atlantiko itsasora iritsi zen La Gueran barrena, eta horrenbestez obra faraoniko horren eraztunak hesituta utzi zuen bere barruan Mendebaldeko Sahara.

 

Aztertzaile batzuek diote sekula ez dela egin halako lan erraldoirik: ingeniariak eta hondeatzaileak gau eta egun lanean ziharduten bitartean berrogei mila soldadu zeuden guardian lanak zaintzen. Zailtasun teknikoagatik barik bere neurri erraldoiarengatik da obra hau benetan itzela.

 

EGITURA ETA KONPOSIZIOA

 

Egitura:  lauzpabost kilometrorik behin  konpainia bat dago, normalean infanteriakoa (ehun gizon inguru) eta unitate horietako bakoitzak sekzio bat dauka mendean (30-40 gizon).

Unitate horiek eskuarki infanteriako soldaduz osatuta daude baina badira beste arma batzuk ere, hala nola paraxutistak edo bestelako komando batzuk. Hamabost kilometrorik behin  radar batek  tiro-koordenadak hornitzen dizkie artileriako bateriei eta aurrerago mina eremuak eta alanbradak aurkitzen dira.

 

Harresiek ondoko osagaiak dituzte:

 

5.1. Lehergailu gabeko oztopoak

 

5.1.1. Hareazko harresiak: marokoarren hesi “defentsiboaren” inguruan eraikitako hormak —toki batzuetan zazpi hormataraino—, bata bestearen atzean jarriak. Hiru metroko altuera izan dezakete.

 

5.1.2. Harrizko hormak: horma hauek 1987ko maiatzaren 2an agertu ziren lehen aldiz, hain zuzen ere, marokoarrek ikusi zutenean sahararrak ez zutela arazorik hareazko hormak zeharkatzeko. Harrizko hormak hareazko hormen sendogarri egiten dira. Laurogei zentimetro altu dira eskuarki, nahiz metro batekoak ere egin diren. Unitateen arteko tarteak gotortzeko egiten dira.

 

5.1.3. Alanbradak: harresi osoaren luzeran daude jarrita, batez ere Sostengu Puntuen (SP) eta Behaketa Puntuen (BP) aurrean. Alanbrada altuak dira eta batzuetan alanbrezko 12 hariraino izan ditzakete.

 

Eskema, Sostengu Puntu (base) baten egitura eta osaketa

 

Harresiaren profila (harri eta hareazko horma ez dira agertzen). Iturria: C/16.

 

Zanga antitankeak: lurrean egiten dira etsaiaren tanke eta gainerako garraio tresnei bidea mozteko. Zanga hauek Sostengu Puntuetan eta Behaketa Puntuetan egiten dira eta baita ere harrizko hormen artean ezkutatuak. Metro batetik metro eta erdira bitarteko sakonera daukate eta 1,5-2 metrora bitarteko zabalera.

 

5.2. Lehergailudun oztopoak

 

5.2.1. Mina eremuak. Hasieran harresiaren aurrealdeko ertzaren aurrean jarri ziren, leku batzuetan kilometro eta erdiko distantziaraino.

Harresiaren aurrealde guztia josita dago mina antitanke eta antipertsonalez. Nola minek ez duten begirik, zapaltzen dituzten guztiak lehertzen dituzte, eta urteen joan-etorrian hamaika lagun hil eta zauritu dituzte. Hilgarriak izateaz gain, lurrean egote hutsarekin izu gorria zabaltzen dute jendearen artean.

 

Askotan mina horiek atrintxeratutako unitateen aldamenetan eta sakontasunean jartzen dira. Munduan diren mina eremu mota taktiko guztiak aurki daitezke Saharako harresian. Bestalde, mina horietatik askok mekanismo bat daukate lurretik jasoak ez izateko (argitasun gehiagorako, ikus “minen arriskua” izeneko atalera).

 

5.2.2. Radarren bidezko detekzio sistema:  radarren bidezko detekzio sistema harresiko sistema osoaren funtsezko osagaia da, eta bere detektagailuek harresiaren luzera osoan jarrita daude autoak edo jendeak hurbiltzen direnean abisua emateko.

 

Marokoko armadak oso radar sistema sofistikatuak erabiltzen ditu: gau eta egun lanean ari dira eta gauza dira pertsona bat 30 kilometrora detektatzeko eta ibilgailu bat 60 kilometrora.

 

StentorRasit eta Ratac radarrak dira Marokoko armadak gehien erabiltzen dituenak. Orobat erabiltzen ditu Westinghouse radar indartsuak, iturri batzuen arabera Mendebaldeko Sahara osoa estaltzen dutenak.

 

 

 

 

 

 Ondorioak zibilentzat

 

“… eta bien bitartean, herrialde bat  bitan zatitua eta milaka familia joan den hogeita hamar urtean bereizketa, erbestea eta errepresioa pairatzen. Horra balantze hitsa, horra bere ASKATASUNA ETA LURRA defendatzeaz beste deliturik ez daukan herri baten gainera erori den zigor latza”.

 

Posible ote da duela 25 urte eraikitako harresi izugarri honen ondorioak orrialde bakar batean biltzea? Hona hemen ondorio aipagarrienak.

 

Harresi honen funtsezko helburuak: espantsionismoa, anexionismoa eta kolonizazioa.

 

 

 

• ONDORIO NAGUSIAK: “EPE LABURREAN”

 

Sozialak :

 

Karta Magnaren 28 artikulu baino gehiago urratzen ditu  larriki.

Funtsezko giza-eskubideak porrokatzen ditu (okupazioa batetik, eta errefuxiatuen eskubideak bestetik).

Harresia zutik dagoen artean sahararrek erbesteratuta jarraituko dute, familiak zatituta eta Saharako eta eskualde osoko populazioaren jarraipen soziokultural eta familiarra hautsita. Harresiaren mendebaldean torturak, umiliazioak, zapalketa eta bortxaketak gertatzen dira.

 

Politikoak:

 

– Harresia da sahararren autodeterminazio erreferenduma egiteko dagoen oztopo (fisiko nola psikologiko) bakarra. Harresi horrek eskualdearen egonkortasun politikoa eragozten du eta zaildu egiten du Magreb arabiarraren batasuna, Afrikako Batasuna eta eskualdeko zein nazioarteko beste erakundeen jarduna.

 

– Oztopo oldarkor hau Aljeriako hego-sartaldeko mugaren ondo-ondotik igarotzen da  eta legez kanpo jaten ditu Mauritaniako lur pusketa zenbait.

 

Ekologikoak eta ingurumenekoak:

 

– Harresi hau egiteko milaka zuhaitz bota ziren, non eta  basamortuan!

– Lehertu gabeko mina eta lehergailuen kutsadura.

– Eragotzi egiten du hedapen urbanistikoa, hau da, hiriak, herriak, eskolak eta eritetxeak egiteko aukerak murrizten ditu.

– Marokoko soldadu eta ofizialek kontrolik gabeko ehiza egiten dute.

– Eraikuntzarako balia daitezkeen gai apurrak (harriak, harea, e.a.) harresirako erabiltzen dira.

– Sarbidea zarratzen dio jendeari nekazaritza guneetara, iturri apurretara, e.a..

 

Ekonomikoak:

 

Harresiaren babesean sahararren ondasun naturalak —lurreko eta itsasoko aberastasunak— sistematikoki lapurtzen ari dira.

Harresiak eragotzi egiten du Mendebaldeko Saharako merkataritza (hala barrutik kanpora nola kanpotik barrura) eta hori  Nazioarteko Legeriaren urraketa nabarmena da.

 

Psikologikoak:  

 

Harresi honek hiru aukera baizik ez dizkie uzten sahararrei norabait mugitu nahi badute:  iparraldera jotzea Marokotik barrena, mendebaldera jotzea pateretan Atlantikotik zehar, eta sortaldera jotzea baina harresia, 160.000 soldadu, milioika mina, radarrak, alanbradak eta txakurrak gaindituz. Kanpo zabaleko munduko presondegi handiena da, muga inprobisatu eta berriztatu bat.

 

 

Errekorrak:

 

Saharako harresiak 20 markatik gora hausten dituenez, beharbada Guinness erakundeak aintzat hartu beharko luke bere liburuan sartzeko. Sekula egin den eraikuntza luzeena da, historia guztian egin diren 10 lerro luzeenen %30era iristen baita. Herri bat gehien zatitu duen oztopo artifiziala da, mina-dentsitate handiena daukan eskualdea, lurralde kontrolatuena, eta abar.

 

Partzialkeria:

 

2004ko maiatzean, ordurako MINURSOk jadanik 14 zeramatzalarik Saharako su-etena gainbegiratzen, misio horren jurisdikziopean GLB hizkiak zeuzkan mina bat aurkitu zen harresiaren ondoan —2001ean egindako mina bat! Halako gauzen aurrean NBEk ez ikusi egiten du eta ez du ezelango neurririk hartzen, nazioarteko legeriaren urraketa  garbia diren arren.

 

Gaur egun Marokoko armadaren lan nagusia  harresia sendotzea da eta su-eten akordio guztiak harresi horren kontra porroskatzen dira. Bien bitartean nazioarteko komunitateak  gor eta mutu jarraitzen du, jaramonik egin gabe harresiak eragiten dituen kalte eta lege-hauste guztiei.

 

Gaitzespena:

 

Harresia gaitzesteko ahotsak oraintxe hasi dira zertxobait entzuten, zein-eta sentsibilitate berri bat sortzen hasi balitz bezala harresiak dakartzan ondorio txarrak salatzeko. Italiarrak eta espainiarrak izan dira gaitzespen ahots horiek adierazi dituzten lehenak, harresiaren sortaldean pare bat manifestazio eginez. Maila ofizialean ere agertu dira gaitzesle gutxi batzuk, bereziki Hugo Chavez Venezuelako presidentea,  Erromako alkatea, Walter Veltroni jauna, beti mugimenduaren abangoardian dagoena, eta Pierre Galland Belgikako eurodiputatu ohia, harresiaren aurkako ekintza praktikoena burutu duena: gutun bat bidali NBEko Idazkari Orokorrari harresi sistemaren ondorio txarrak salatzeko.

 

 

 

8. NAZIOARTEKO LEGERIA ETA HARRESIAK
Nazioarteko inongo erakunde edo instantziak ez du onartzen Marokoren subiranotasuna Mendebaldeko Sahararen gainean, 1961tik hona Saharako arazoa  deskolonizazio arazo bat bezala jasota dagoelako Nazio Batuen Erakundeko agendan.

 

Marokok, bere aldetik, Mendebaldeko Saharako zati handi bat indarrez beretu ondoren eta zazpi urteko gerra odoltsu batetik landa, estrategia berri eta artean munduan beste inon ikusi ez zena abiatu zuen: harresiak eraikitzea. Marokoko gobernuak dio harresi horiek beharrezkoak direla “defentsarako”, eta hortik heldu da hain zuzen marokoarrek eman dioten izen faltsua: “defentsako harresia”. Bizkitartean, errealitateak goitik behera gezurtatzen du deitura hori, harresiaren helburua ez baita defentsa, baizik eta espantsionismoa, anexionismoa, Marokotik bidalitako kolonoz Sahara jostea eta okupazioari babesa ematea.

 

 

8.1 NAZIOARTEKO LEGERIA HUMANITARIOA

 

Argi baino argiago dago Saharako harresiarekin Marokoko agintariek larriki urratzen dituztela oinarrizko giza-eskubideak.

 

Genevako IV. Konbentzioko 23. artikuluaren arabera, sinatzaileak  behartuta daude oztoporik ez jartzera sendagai, osasun gai, janari eta jantzien joan-etorriei. Artikulu beraren c) atalean adierazten da zilegi dela eginbide hori ez betetzea etsaiak gai horietatik etekin nabarmena ateratzen badu bere ekonomia edo gerra ekintzetarako.

 

Genevako 53. artikuluak xehekiago aztertzen ditu arazo horiek:

 

Indar okupatzaileak debekatua du gizabanakoen, Estatuaren, erakunde publikoen edo gizarte-erakunde edo kooperatiben ondasun higikor eta higiezinak suntsitzea, salbu eta suntsiketa horiek ezinbestekoak badira gerra operazioen ondorioz”. Marokok eraikitako harresiak eragotzi egiten die sahararrei beren lurreko hainbat ondasun erabiltzea, hala nola iturriak, labore lurrak edo abereentzako bazkalekuak. Horrezaz gain, harresiak erbesterako bidea hartzera bortxatu ditu herrixka sahararretako milaka lagun.

 

Horrek talka egiten du baita ere Genevako Konbentzioaren 52. artikuluarekin, zeinek honela dioen: “Debekatzen da langabezia sustatzea edo enplegu aukerak murriztea herrialde okupatu bateko langileak indar okupatzailearentzat lan egitera bortxatzeko”.

 

Genevako laugarren Konbentzioko 27. artikuluak honela dio: “alderdi beligeranteek eskua daukate gerraren kausaz beharrezkoak diren kontrol edo segurtasun neurri guztiak hartzeko babesten dituzten pertsonen gainean”. Halere, xedapen horrek ez ditu justifikatzen Marokoko armadak Mendebaldeko Saharan egiten dituen hainbat ekintza, 27. artikulu honetan aitortzen diren eskubideak ukatzera datozenak.

 

8.2 NAZIOARTEKO LEGERIA ETA ANEXIOA

 

Nazioarteko legeriaren arabera ilegala da gerra batean eskualde edo lurralde bat okupatzea, lurralde baten okupazioa aldi baterakoa baizik ezin izan daitekeelako legeria horren arabera. Lurralde baten estatutua  alderdi beligeranteek zehazten dute  elkarrekin zuzenean negoziatuta edo erreferendum bidez lurraldeko biztanleei galdetuz nola nahi duten bizi etorkizunean —behintzat hala izan behar dela onartzen dute Estatu  guztiek, Nazio Batuen Erakundeak eta Afrikako Batasunak. Duela gutxi Mohamed VI.a erregeak aterabide hori ezetsi duenean gatazka larritu baizik ez da egin.

 

Era berean, Nazioarteko Zuzenbideak finkatuta utzi du ez dela zilegi lurralde bat indarrez anexionatzea. Nazioarteko legeriaren arabera horrelako anexioek ez daukate inolako babes legalik eta beti izango dira balio eta oinarri gabeak.

 

Segurtasun Kontseiluak antzeko kasu bat aztertu behar izan zuen Jerusalem eta Siriako Golan eskualdean Israelek mantentzen zuen okupazioaren aurkako 1980ko 478. eta 1981eko 497. ebazpenak onartu zituenean. Ebazpen horien bidez israeldarren okupazioa legez kanpokotzat jo zuen eta gomendioa egin zien nazioarteko Estatuei ez zezatela onartu.

 

Paradoxa deitoragarriena da Mendebaldeko Saharako harresia, hainbeste urtean zutik egon arren eta hala sahararrei nola eskualde osoari hainbeste kalte egin arren, inoiz ez dela aztertu Segurtasun Kontseiluan, nahiz eta Saharako presidenteak  Aljeriako “El Bilad” egunkariari adierazi zion posible zela sahararrek Hagako epaitegira jotzea hala egiteko une egokia ikusten zutenean.

 

Saharar eta bakearen aldeko gizaseme guztiek eginbide morala daukate arazo honi, lotsaren harresi honi, merezi duen garrantzia emateko.

 

Harresi hau erresuma okupatzaileak  eraikitako oztopo artifiziala  da eta  Mendebaldeko Saharako bizitza normaltzea galarazten duen faktore nagusia. Horrezaz gain, harresiak  larriki kolpatzen ditu giza-eskubideak, beragatik populazio zibilak erbestea, bereizketa eta haustura sozial eta kulturala pairatzen baititu, ahaztu gabe harresiaren luzera guztian lurperatuta dauden milioika minek dagoeneko ehunka lagun, gehienak zibil errugabeak, zauritu eta hil dituztela harresi erraldoiaren alde bietan.

 

Historiaurretik hasi Erdi Aroan barrena jarraitu eta gaurdaino hamaika harresi eraiki izan da munduan. Zein da horietako bakoitzaren legenda? Zer egin zaio Txinako Harresiari? Zertara jo dute Erdi Aroko Europako gotorleku handigaitzak? Eta Japoniakoak? Zenbat iraun zuen Hitlerren Alemaniako Sigfried lerroak? Zer egin zitzaion Maginot Lerroari eta Atlantikoko hormari?  Zertan da gaur frantsesek Aljerian eraikitako Mauricio Chall lerroa? Nola desegin zen Barlev harresia? Berlingo harresia, mundua bitan zatitzen zuen harresi famatua, zutik ote dago beti?

 

Horma eta harresi horiek guztiak ez daude gehiago zutik, eraiki zituztenen nahiaz kontra bada ere gerrak edo herrien borondateak lurrera bota dituztelako.
Marokok eraikitako harresia salbuespena izango ote da? Zenbat denbora iraun behar du? Errotik sinesten dugu goiz edo berandu harresi horrek ere bereak egingo dituela. Nola eta noiz eraitsiko duten, ordea, hori  da oraindik ez dakiguna.

 

 

9. Zer dira minak?

 

Minak dira arma batzuk normalean lurpean  edo ezkutuan jartzen direnak eta norbaitek edo zerbaitek zapaldu ezkero eztanda egiten dutenak. Beste era batzuetara lehertarazten direnak ere badira.

 

9.1 Zer dira mina antipertsonalak?

 

Mina antipertsonalak dira azken urteotan gehien zabaldu diren minak. Presio txiki bat aski dute eztanda egiteko eta, hortaz, edozein pertsona, nagusi nahiz ume, izan daiteke euren biktima.

 

9.2 Zenbat mina daude munduan?

 

Munduko 64 herrialdetan badira 110 milioi minatik gora lurrean landatuak eta eztanda egiteko prest. Horiez gain, badira beste 100 milioi mina biltegietan pilatuta. Asia eta Afrika dira minen izurria gogorkien pairatzen duten kontinenteak.  Adibidez, Angolan eta Kanbodian biztanle baino mina gehiago daude. Kuwaiten badira 280 mina kilometro karratuko. Antzera daude Erdialdeko Amerikan eta Hegoaldeko Amerikan. Europan, berriz, Balkanak, Kroazia eta Bosnia-Herzegovina minaz josita geratu dira bost urteko gerratik landa

9.3 Zenbat mina ekoizten dira?

 

Munduan 50 herrialdetako 100 bat enpresak 50.000 mina ekoizten dituzte astean, hau da, minutu bakoitzeko bost mina berri dauzkagu munduko bakea hondatzeko prest. Mina antipertsonaletan badira 340 mota edo modelotik gora. Gaur egun bereizi egiten dira mina ergelak eta mina bizkorrak, edo mina detektagarriak eta mina detektaezinak. Ezberdintasunak gorabehera, halere, mina guztien ondorioak berdintsuak dira.

 

9.4 Zenbat balio dute?

 

Badira prezio guztietakoak, 05 dolarretik hasi eta 30 dolarretarainokoak. Gehienak ordea oso merke eros daitezke.

 

 

 

 


Deja un comentario

Back to Top ↑